Nor da Iker Bengotxea Goya?
Bikoizketa aktorea edo bikoiztailea, euskarazko eta gaztelaniazko esataria eta abeslari profesionala 2003. urteaz geroztik, urte horretan hasi bainintzen Euskal Herriko bikoizketa estudioetan lehen urratsak egiten. Imitatzaile petoa txikitatik eta ahots pailazoa berez, egun batean, paseoan, nire barruko zerbaitek esan zidan: “Gustatuko litzaidake nire ahotsetik bizi ahal izatea!” Garai hartan ez nuen pentsatu ere egiten Iruñeko gazte batek bere ahotsa lanbide bihurtzeko aukerarik izango zuenik. Izan ere, Enpresa Zientzietan graduatu nintzen nire pasioa musika talde ezberdinetan abestuz asetzen nuen bitartean. Patuak Bikoizketa, Lokuzioa eta Kantua ikastera eraman ninduen, eta pixkanaka nire lehen xoxak irabazi nituen interpretazioarekin. Aldi berean, ikus-entzunezko gaietan trebatu nintzen (bideo-edizioa, soinua, argazkigintza…), eta grabazio-teknikari gisa lan egin nuen Pro Tools editore lanetan bikoizketa-estudio batean. Hori primeran etorri zitzaidan soinu-teknikariak grabazioen egunerokoan zuen ikuspegia eta edizio on baten garrantzia ulertzeko.
Gaur egun, hainbat bikoizketa estudiotan lan egiten dut eta nire estudio propioa daukat online lokuzioen merkatura bideratuta. Euskaraz eta gaztelaniaz bikoizten lan egiten dut eta telesailetako eta filmetako pertsonaia askori ahotsa jarri diet, bai eta publizitate-kanpaina askotan parte hartu ere.
Noizean behin bikoizketa ikastaroak ematen ditut Iruñean eta entrenamendu klase pertsonalizatuak mikrofonoaren aurrean: Sudurgorri Vocal Studio
Ahots gazte eta moldakor baten bila bazabiltza, interneteko zure edukietarako online esatari baten bila, hizkuntza menperatzen duen euskarazko esatari baten bila, edo ahots bakarlariak zein koruak grabatzen dituen kantari baten bila bazabiltza… ez izan zalantzarik!
Argazkia: https://www.inakibasterra.com/